XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Merezi zuen heriotzea izan du, hori bai! Noski.

Heroe bat bezala hil zaigu.

Egia! Edozeinek ez luke beste horrenbeste egingo.

Ez horixe! Herri osoa zegoen han. Aldaza osoa.

Mattinen lagun guztiak bai behintzat: haurtzaroko lagunak, soldadu kideak, lantegikoak, koadrilako adiskideak... Eta bestelako jendea ere bazen.

Herriko agintariak ere hantxe zeuden, apain eta serio, lehen lerroko beren agerleku berezia beste inorentzat libre utzi gabe.

Eta hantxe zegoen, baitare, baztertxo batean gordea, Edurne.

Edurne, Mattinek inori ezer esan gabe hain maite izan duen neska ere hantxe zegoen zain.

Izkina batean, besteengandik berez, aparte, negarrari ezin eutsiz.

Jendeak noizpehinka begirada laburrak egiten zizkion Edurneri.

Baina honek jendearen zurrumurrutik urrun, bakarrik, egon nahi zuen.

Bakarrik, urrun, bere baitan bildua, isilik, Mattinen oroitzapen goxoak lagun bakar zituelarik...

... Eta Mattini, hori ikusi duenean, irribarre eztia ezpaineratu zaio bapatean.

Hortxe geldi arazi du lasaiki, luzaro, bere amets gidatua.

Edurne maitearen masaila gorri eta handituak bere begi itxi liluratuez igurtzitzen ditu eta haren begi ureztatuak bere ezpain egartiez xurgatzen.

Eta zein kontentu dagoen ordea, zein pozik!

Ametsezko hileta triste batean dagoela ere ahaztu egin zaio Mattin gaisoari.

Beti izan da mutil isila Mattin.

Lagun askoko koadrila batean gehienek izan ohi dute kolore berezi bat, nork berea.

Bat ausarta izan ohi da, bestea berriz argia, hurrena berritsua... Mattinek ez du kolorerik.

Mattin Txiki izan da beti.

Eskolan eman zioten ezizen hori eta ederki asmatu zuten, (...).